Español (España)   eu-ES
Zitek FacebookZitek TwitterZitek YouTube

Albisteak

Plentziako Itsas Estazioa lanean hasi da

uzt. 18


2012/07/18 

Itsas ingurumenaren osasunari eta bere eragina giza osasunean aztertuko dute UPV/EHUren ikerketa eta irakaskuntzarako zentro horretan. Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu du 7 milioi euroko ekarpenaz.



UPV/EHUk Plentziako Itsas Estazioa (PIE) inauguratu du gaur, uztailak 17. UPV/EHUko ikerketa eta goi-mailako irakaskuntzarako zentro hori Plentziako erietxe zaharreko egoitzan dago kokatua, eta itsas ingurumenaren osasuna eta bere eragina giza osasunean ikertuko ditu. Inaugurazio ekitaldian, honako ordezkari hauek egon dira: Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko errektorea; Iosu Madariaga, Bizkaiko Ingurumeneko foru diputatua; Jorge Morquecho, BBKren Gizartegintzako zuzendaria; Ionan Marigomez, UPV/EHU irakasle eta Plentziako Itsas Estazioko zuzendaria; Isabel Zarauza, Plentziako alkatea, eta Carmelo Garitaonandia, Bizkaiko Campuseko errektoreordea.

Plentziako Itsas Estazioak (PIE) ingurumen-zientzien eta ingurumen-hezkuntzaren esparruko irakaskuntza sustatu eta garatzen du, baita itsas biologiako eta bioteknologiako ikerketa-jarduera ere. Zehazki, itsas ekosistemaren osasunarekin, ingurumenaren gorabeherek giza osasunean duten eraginarekin eta itsasoko biobaliabideekin lotura duten gaiei buruzko ikerketa eta prestakuntza lantzen ditu. PIEn, merkataritza-intereseko animalia espezieen (arrantza-tokiak, itsaski-bilketa eta akuikultura) nahiz bestelakoen analisiak gauzatzen dituzte, itsas ingurunearen osasunaren ebaluazioa egiteko, besteak beste. Prestakuntzari dagokionez, graduondoko prestakuntza eskaintzeaz gainera, herritarrei begirako dibulgazio zientifikoko ekimenak bideratzea aurreikusita dago, eta goi mailako teknikarien prestakuntzarako eta prestakuntza iraunkorrerako jarduera espezifikoak antolatzea.

Era berean, aholkularitza zientifiko-teknikoa eskaintzen die ingurumen-enpresei, industriei eta administrazioari, isuri toxikoei buruz, ingurumenaren kutsadurari buruz eta Europako legedien aplikazioari buruz.

Instalazioak

Plentziako Itsas Estazioaren egoitzaren eraikina 1923koa da; Bizkaiko Aurrezki Kutxak eraiki zuen, hezurretako tuberkulosia zuten gaixoentzako erietxe helioterapiko bat ezartzeko. Hainbat hamarkadatan BBKren jabegoa izan zen. Orain Kutxabankeko kidea da finantza erakunde horrek Plentziako Udalari laga zion eraikina, eta Udalak UPV/EHUri utzi dio, proiektu hau gauzatzeko.

2.500 metro koadrotik gorako azalera du, bost mailatan banatuta:

  • Sotoan, arazte-sistemak eta banaketa-tangak ezarri dira. Instalazio horiei esker, itsasoko ur-bolumen handiak erabili ahal dira (12.000 litro orduko emaria), eta, horrela, gaur egun arte ezinezkoak izan diren esperimentuak egin ahal dira, eta, beraz, euskal ikerketa-taldeek beren jardueran izan dituzten muga asko gainditzeko aukera ematen diete.
  • Erdi-sotoan bi gune bereizi dira. Batetik, Esperimentazio Gunea, honako hauek osatua: esperimentazio akuariologikorako eremua (akuarioak, laborategiak…); espezimenen bankua; segurtasun biologikoko aretoa, 3 mailakoa; eta, terrazan, 20.000 litroko bi mesokosmos. Eta, bestetik, Gune Soziala, ekitaldi-aretoak eta zenbait gela atxikik osatua. 
  • Behe solairuan graduondoko eskolak ematen dira; idazkaritza, zuzendaritza, bulegoak, ikasgelak eta praktiketarako laborategiak ere daude hantxe. 
  • Lehen solairuan ikerketa-laborategiak eta liburutegia ezarri dira. Liburutegiak, funts propioez gainera, UPV/EHUko Liburutegi Nagusiko bibliografia-bildumarako sarbidea eskaintzen du.
  • Teilatupea klimatizazio-instalazioak, aireztapenekoak, etab. ezartzeko erabili da. 
  • Horrez gain, aipatzekoak dira begiratokiak, 200 metro koadrotik gorako eremua hartzen dutenak.

Instalazio horietan ezarri diren zerbitzuei dagokienez, bereziki azpimarratzekoak dira honako hauek:

  • Itsas ekosistemaren osasunaren ikerketa-laborategietan, Ingurumen Bioespezimenen Bankuaren proiektu pilotua lantzen da; proiektu horren barruan, muskuilu, ostra, korrokoi, antxoa, legatz, aingira eta abarren lagin biologikoak biltzen dira, baita hainbat laginketa-kanpainatan lortutako serie historikoak ere. Bankua Europako eta munduko banku-sareen barruan sartuta dago, eta laginen trukea eta arlo horretako lankidetza erraztuko du horrek. 
  • Itsas biologiako esperimentazio-zerbitzua, instalazio bereziez hornitua, hala nola, ur-patologiaren esparruko esperimentaziorako segurtasun biologikoko aretoa eta itsas ureko mesokosmosak. P3 segurtasun biologikoko aretoari esker, parasitoekin eta patogenoekin lan egin ahal dute ikertzaileek, kutsadura kimikoaren ondorioen eta infekzio eta infestazioek itsas animaliengan duten eraginaren arteko lotura ikertzeko, baita espezie inbaditzaileen biologiaren hainbat alderdi lantzeko ere.
  • Unibertsitate-mintegiak dibulgazio zientifikoko jarduerak eta ingurumen-hezkuntzakoak nahiz kontzientziaziokoak antolatzen ditu; baita maila ertaineko eta goi mailako teknikarientzako espezializazio ikastaroak eta graduondoko eta doktoregoko prestakuntza-jarduerak ere. Zehazki, nazioarteko bi master eta doktoregok dute egoitza estazioan: Marine Environment & Resources, UPV/EHUk eta Bordeleko, Southamptoneko eta Liejako unibertsitateek emana, eta Ingurumen Kutsadura eta Toxikologia, biak ere ingurumenaren osasunaren eta, bereziki, itsas ingurunearen osasunaren ikerketan oinarrituak. MER masterreko ikasleak 2012-13 ikasturteko bigarren lauhilekoan helduko dira Plentziako Itsas Estaziora: lehenengo mailako 30 bat ikaslek eskola izango dute bertan, eta bigarren mailako zortzi ikaslek masterreko tesia burutuko dute. Ingurumen Kutsadura eta Toxikologia masterrekoek, berriz, irailean hasiko dituzte klaseak.

Guztira, 20 ikertzailek, Michael Collins eta Iciar Martínez Ikerbasque ikerlariak tartean, eta hogeita hamar bat doktoregaik osatutako PIEren lan-taldea. Nazioarteko ikertzaile adituak eta prestakuntzan diharduten ikasleak ere erakarri nahi dira, lehentasunezko ikerketa-ildoak sustatzeko. Antolatutako lehen bisitetako bat irailaren 6an egingo da, Bilbon antolatu den European Society for Comparative Physiology and Biochemistryren 28. Kongresuko partaideekin.

Tags:
Categorias:
Kokapena: Blogs Parent Separator Albisteak

Zure izena:
Gravatar Preview
Zure email:
(Aukerako)
Zure web:
Izenburua:
Azalpena:
Azalpena bidali   Cancelar 

Sustatzaileak:

Universidad del País Vasco - Euskal Herriko Unibertsitatea Campus de Excelencia internacional - Naziorteko Bisaintasu Campusa Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia Beaz Bizkaia
 

Zitek Leioa

Errektoreagoa Er.
Beheko solairua
Bizkaiko Campusa
Sarriena z/g. 48940 Leioa (Bizkaia)
Tfnoa: 94 601 27 51 Faxa. 94 601 34 55

Zitek Portugalete

Nautika eta Itsasontzi-Makineria G.E.T.
Bigarren solairua
Maria Diaz de Haro, 68
48920 Portugalete (Bizkaia)
Tfnoa: 94 601 48 01 Faxa. 94 601 48 20

Zitek Bilbao

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa
Bigarren solairua
Alda Urquijo z/g
48013 Bilbao (Bizkaia)
Tfnoa: 94 601 39 36 Faxa: 94 601 82 20